Adineko jendea sasoiko dagoena. Askatasuna eta jakin-mina dituena eta konpromisora ohitua. Hiru-lau eguneko atzera-aurrera bat egiteko inongo aitzakiarik gabea. Handik pare bat astera itzultzeko gai dena, norbaiten ezagupidea egin duelako. Inbidia punttu bat sortzen didate horrelakoek. Bat baino gehiago ezagutzen baitut gu telebistaz, irratiz edo internet bidez heldutako berrien zurrunbiloan gabiltzan artean, Kataluniara bertara joan eta hango giroaz eta joerez blaitzen ahalegintzen dena. Adinak lotu baino gehiago askatu egin duen jendea.
Kontu argigarriak ekarri zituen ostiraleko BERRIAra Marian Gerrikabeitiak. Edadetua gehiegitan lotzen dugu herri-lanei begira hesi horian dagoenarekin; arrazoi handirik gabe, ohituraren ohituraz, medikuaren kontsultan datzanarekin; bilobak ezin garraiatuz bizkar-okerka dabilen aitona edo amonarekin. Egungo zaharra beste zerbait da. Eta haiekiko begirada eta pentsamendua aldatzen hasi behar genuke. Uste errotuenetatik hasita. Esaera zaharrek, esaterako, badute esan-indarra, baina ez dakarte beti bete-beteko egiarik.
«Gazteak baleki; zaharrak baleza». Onar dezagun, menduak hartu duen martxa dela eta, badirela dakiten gazteak eta, batik bat, dezaketeen zaharrak.

HITZ ETZANAK
Zaharrak gazte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu