Zorionerako baino pairamenerako hobeto prestatua dirudiela pertsonak, zioen Jose María Cabodevilla idazleak. Amodioaren adibidea erabiltzen zuen. Amodioak ez du guztiz zoriontsu egiten pertsona, baina amodiorik ezak, eta are gehiago desamodioak, guztiz abailtzen du. Mina dugu pertsonok neurgailu. Zerbait falta eta min hartzen dugunean jabetzen gara falta zaigun hura maite genuela. Amodioa eta esofagoa jartzen ditu parez pare Cabodevillak. Badirenik ere ez omen gara jabetzen min ematen diguten unera arte...
Beste adibide bat ere badarabil, txarrerako onerako baino joera handiagoa dugula frogatzeko. Bi hanka izatea ez omen du inork ospatzen; behatz batean zauritxo bat egitean, guztiok omen gara kexu.
Antzeko zerbait gertatzen da nazio nortasunarekin. Gu, pertsonak, gizonezko edo emakumezkoak, sentimentudunak, langileak... gara beste guztiak bezala, baina horrez gain euskaldunak. Bi hanka dituena ez da ohartzen behatzeko minez dagoenaren sufrimenduaz. Eskuinak harro ospatzen du bi hanka izatea. Espainiako ezkerrak ulertu behar luke beraien hanka baten zapalduarengatik gaudela gu behatzeko minez. Guk ere bi hanka nahi ditugula, sanoak, besteek bezalaxe. Eta hori lortzen dugunean, ez dut, nik behintzat, bereziki ospatuko.

HITZ ETZANAK
Zangoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu