andoni egana

Zapatak

2023ko abenduaren 13a
05:00
Entzun

Modan jartzen diren kontzeptu abstraktu gehienek bazuten lehendik esamolde konkretuagoren bat, ulerterrazago bihurtzen zituena. Enpatiak, esaterako. «Besteren zapatetan sartu» deitzen zitzaion horri. Edo erresilientziak. «Zapatan hartxintxar bat duela ibiltzeko gauza da», esaten zuen gure amak nigatik.

Mundua ezagutzeko oinak erabiltzea da ohikoena. Baina oinetakoetatik ere ezagut daiteke. Ez nik, oinetakoez oso gutxi dakit eta. Baina behin, Otxandion nuen bertso saioa bertako jaietan. Zapatez izugarri dakien lagun batekin joan nintzen. Eta harrituta geratu zen. Herri hark bazuela zerbait berezia esan zidan, herriko plazan bueltaxka bat eman ondoren. Jendeak zeramatzan oinetakoen maila ez zela ez Donostian, ez Bilbon eta ez beste inon ikusten gaur egun. Lagunak esana gogoan hartu nuen. Orduz geroztik, herrietako jaietan, bertakoen zapatei ere begiratzen diet. Alferrik. Ez naiz gai sailkapenik egiteko. Herri bakar bat ere ez zait nabarmentzen. Segura, akaso?

Pello Otxandiano Otxandiokoa da. Eusko Jaurlaritzako lehendakarigai proposatu du EH Bilduk. Zapatena ekarri dit gogora bere jatorriak. Biak beharko ditu, enpatia eta erresilientzia. Besteren zapatetan sartzeko gaitasuna eta norberenetan hartxintxarrak dituela ibiltzekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.