Gaur ez naiz demandan hasiko euskaldunak erdaraz erakusten dizkigutelako. Biraoengatik ere ez, noski. Zehatz xehetzaileak maite ditut. Hizkuntza pobretasunaren adibide gorena sumatu ahal izan dugu Euskal Telebistak bigarren katean eskaintzen duen reality-an. Bi ahizpa txilioka ordu laurdenez: «Mi puta casa; el puto programa; el puto brazo; puta organización de mierda; el puto Julian...». Eta segi. Eta emititu, guztion sosak horretan xahutzea merezi izango balu bezala.
Egun berean, Ibon Sarasola, Josu Landa eta enparauen lan eskergari zor diogun Egungo Euskararen Hiztegia aurkeztu du EHUren Euskara Institutuak. Orain artekoetan zehatzena dela diote. Beti putaka edo putoka aritu gabe, haserrea adierazteko ehunka, milaka modu dauzka eskueran beti-dena-berdin esatetik ihes egin nahi duenak.
ETB, EHU eta... Eusko Jaurlaritza. Herenegun aurkeztu zuen erakunde horrek datozen urteetan kultur politika gidatuko duen plana: Kultura 2028 plan estrategikoa. «Auzolanean jarduteko konpromiso eta egiteko moduaren printzipioari jarraikiz...» bezalako esamoldeek zerbait badirudite, baina puto bezain entzunak eta maiztuak daude. Ez da hain zaila. Zer da lehenetsi nahi duguna, lehen ahapaldikoa ala bigarrenekoa?

HITZ ETZANAK
Zer?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu