andoni egana
HITZ ETZANAK

Zoria

2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Ateratzeko kontuak, esan zidan. Imajinatzeko, bostehun herren kiroldegi bateko harmailara nolabait iritsiak, makuluen laguntzaz batzuk, senideren baten besoari helduta beste batzuk... Eta urduri, oso urduri, etorkizunaren zati handi bat zoriaren esku utzita. Bostehun aldaka ebakuntza egin beharrekoak, eta zozketa bidez erabakiko da ze ehuni egingo zaion osasungintza publikoaren bidez eta ze laurehunek jo beharko duten pribatutik. Hasi da zozketa. Bere zenbakia atera dela jabetu denean saltoka ekin dio batek, pozarren, minak min. Beste batek besarkada sutsua eman dio aldamenekoari. Bukatu da zozketa. Burumakur doaz kalera tokatu ez zaienak. Batzuk, tximetaraino zorpetuta, aldaka ebakuntza egin ahal izango dute. Beste batzuei erabat ezinezko gertatuko zaie. Aldaka minduaz bizi beharko dute beti.

«Ez zaizu horrelakorik buruan sartzen, ezta?», esan zidan. «Eta zergatik osasungintzan onartuko ez genukeena onartzen dugu etxebizitza kontuetan?». Sorbaldak harrotu nizkion, deus erantzuteko ezgauza.

Hauspotu egin zuen nire isilaldiak. Gainera, ustezko politika sozialen izenean egiten zela hori; eskuak garbitzerakoan Pilatosek berak ere ez zuela hainbesteko trebeziarik; berak, gaztea balitz, su emango liokeela munduari...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.