Urtea amaitzeko berri ona. Itxura batean behintzat, ona. Confebaskek aurreikusi du 25.000 afiliatu gehiago izango direla 2022an. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako enpresarien elkarteak espero du ekonomia %5,9 haziko dela hiru probintzietan, eta inflazioa murrizten hasiko dela. Hauek dira, urte berrirako desioari beti próspero hitza eransten diotenak. Guk, inozoagoak askoz, urte berrirako nahiari beti «zoriontsu» brumoso eta ñañoa itsasten diogu. Bizitzari begiratzeko bi hizkuntza eta bi modu dira...
Bazen pobreak kontsolatzeko ipuin bat, auskalo nork asmatua. Ba omen zebilen herritar bat zorionaren bila. Esan omen zioten zoriona banatzen zuenak halako lekutan zeukala kontsulta, eta joateko hara zorion eske. Joan zen. Bere moduko herritar mordoa zegoen itxarongelan. Luze egon behar izan zuen han. Ez zuen hotzik pasa; gai askori buruzko aldizkariak zeuzkan eskura; azpiltxoetan goxoki eta fruitu lehorrak; kafea ere atera zioten... Zoriona banatzen zuenaren kontsultara sartzeko ordua heldu zitzaionean, ohartu zen han inor ez zegoela. Zoriona, inon egotekotan, zorionaren itxarongelan zegoela.
Hobe dugu guk ere Confebasken aurreikuspenak bete zain egon baino, zorionaren itxarongelan zoriontsu izaten ikasi. Ez dira gure prosperidadeaz ari.

HITZ ETZANAK
Zoriontsua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu