Plazatik

Hizkuntzaren tranpak

andoni egana
2011ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Egunotan burutu dira Donostian, ASKEren eskutik, Lengoaiaren boterea eta boterearen lengoaia-ren inguruko jardunaldiak. Vicente Romanoren ahotik ikasi nuen Rosa Luxenburgok esana dela gauza bakoitzari bere izenez deitzea dela ekintza iraultzaileetan lehena.

Hizkuntzaren erabilpenari buruzko hitzaldi eta ikastaro mordoxka emana naiz Joxerra Garzia, Kike Amonarriz eta beste zenbait bidelagun. Hizkuntzaren inguruko tranpa, truko eta trikimailuak azaltzen hastean (batik bat gaztetxoei) beti sortzen da zalantza horrelakoak irakastea etikoa ote den. Eta geure buruari erantzuten diogu baietz, ez dela etikaren aurkakoa, tranpak identifikatzen ikastea mesedegarri dela, manipulatzaile baino manipulatu askoz ere sarriago izaten garelako gure gizarte honetan.

Begiak zoli eta belarriak erne behar ditu boterearen erauntsiak irentsia izan nahi ez duenak edo-ta gaurko hitzekin adierazita, dekodifikadorea beti martxan.

Botere politikoak hizkuntza xinpletu eta uniformizatu egiten du. Adiera bakarreko bihurtzen ditu unean unean komeni zaizkion hitzak. Bakea bat eta bakarra da. Demokrazia ere bai, ez du onartzen modurik edo ñabardurarik. Askatasuna ere ez daiteke uler era askean…

Botere ekonomikoak, aldiz, hizkuntza zailtzen egiten du ahalegina. Patrikan zuloa daukagula da ulertzen dugun bakarra, beste hitz tekniko eta ponpoxo horiezez baitakigu ia deus ia inork.

Botere mediatikoak men egiten die besteei, baina uste dut hizkuntzaren erabilpenean modu sotilagoak erabiltzen dituela. Enumerazioak, pilaketak edo zerrenda kaotikoak beti izan dira figura poetiko-erretoriko erabiliak. Intentzionalitatea: kaosa eta ordenarik eza sentsazioen bidez ahalik eta zehatzen islatzea.

Publizitatean eta literaturan askotan erabilitako formula da, eta gogoan izango duzue, esaterako, Bernardo Atxagaren Henry Bengoa Inventarium hura. Jar zaitezte edozein telebista katetako edozein informatibori begira.

Gauza beretsua egiten dute telebista informatiboetan ere. Handi-txikiak nahastu eta elkarren segidan eman. Sarrerako lehen sei berriak honako hauek izan daitezke pare bat minutuan: Greziari azken abisua luzatu dio Europar Batasunak. Kordoban falta diren bi umeen arrastorik ez da. Pederasta talde bat atxilotu du Poliziak Bartzelonan. Bere urrezko bota eskaini die Cristiano Ronaldok Bernabeun bildutako zaleei. Indian hogeiraino zenbatzen dakien tximino bat azaldu da. Amaiturik daude jada azaroaren hamaikako zozketarako txartelak.

Kokteleran nahastu eta ongi eraginda ematen dizkigu botereak berriak ere. Zurrunbiloan sartzen gaitu, eta propio zorabiarazten, azkenerako maila berekoak iruditzeraino Ronaldo, Cordobako umeak, zozketa, Bartzelonako pederastak eta tximinoa. Eta den-denak hainbesteko garrantzia badu, ezerk ez du hartarainoko garrantzirik.

Beste modu sotil bat, ez dakit nork asmatua baina zabalpenean telebista pantailatan hain usu azaltzen diren sukaldariek haize emandakoa, diminutiboaren erabilpen gehiegizkoa da. Umetu egin nahi gaitu nonbait botereak. Kuttuntasuna ez daukan lekutik ateratzen ahalegintzen da. Horregatik, gaur egun gazteleraz dena da ito eta ita. Verdura hitza erabat ezkutatu da. Beti verdurita da orain. Errazago irensteko segur aski. Boterearen hizkuntz-trikimailuak bezala.

Okerrena da kontu axalekoa dirudiena beti ez dela hain axaleko. Hizkuntzak salatzen ditu gure zalantzak, usteak, beldurrak eta pozak. Hizkuntzaren erabilpen sexistari buruzko azterketa asko eta onak egin dituzte. Nik, gaztelerazko ito eta ita-rekin segiz, gure adin jirako emakume asko eta askok zergatik una cervezita eta un vinito eskatzen duten jakin nahi nuke. Ez garagardoa edo ardoa neurri txikiagoan nahi dutelako, noski. Badago beste zerbait. Moda kontua dela erantzungo didazue. Ez dakit ba moda kontu soila den! Akaso zera da… Oraindik ere vino edo cerveza eskatzea gordinegia zaiela eta diminutiboan eskatuz gero leundu egiten dutela eskaera, ardoa edateko eta ardotxoa denbora-pasa eskuan edukitzeko bailiran, inori inolako azalpenik zor ez diotela atzenduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.