Xixtor Haranburu euskal presoa baldintzapean aske uztea onartu zuen Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiak joan den uztailean. Fiskaltzak helegitea ezarri zion erabakiari, eta, orain, auzitegiak arrazoia eman dio. Hau da, 30 urte preso egon ostean, eta osasun arazoak eduki arren, espetxean jarraitu behar du Haranburuk. Auzitegiak aipatu dituen argudioak «beste garai batekoak» iruditu zaizkio Haranbururen abokatuari. Izan ere, auzitegiak argudiatu du Haranburu aske uzteak ordena publikoa «trabatuko» lukeela eta delitu berean aritzeko «arriskua» egon litekeela ETAk armak berriz hartuko balitu.
Armagabetuta eta bere egiturak deseginda, desagertuta dago ETA, ia hamarkada batez jarduerarik gabe egon ostean. Horregatik, 30 urte preso pasatu dituen bati halako ur baldekada hotz bat botatzeak argi erakusten du euskal presoei ezarritako espetxe politikaren ankerra. Aurpegi bikoitzarekin ari da Paris. Batetik, presoak gerturatu ditu, eta elkarrizketa ildo bat martxan du Ipar Euskal Herriko ordezkaritza batekin. Bestetik, zirkinik egin gabe aplikatzen ditu zigorrik zorrotzenak. Madrilek eskatuta izan, edo bere kasa izan, funtsean berdin da, emaitza bera baita: «etsigarria eta mingarria», Haranbururen abokatuaren hitzak erabiltzearren.
HIZPIDEAK
30 urteren ostean, kartzela aldi luzeagoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu