Jakina zen futbolak pasioak pizten dituela. Egunotan haren inguruko albisteen oihartzunaren hedadura ezagutu du, egun batean zein bestean, euskaraz ezin bizitzearen ajeak basamortu mediatikoetan adieraztera ohitua dagoenak. Eibarreko entrenatzaileari egin diotenak, non eta Almerian, non eta Espainian, haserretu eta harrotu ditu euskaldunak. Ia bikoiztu dira Twitterren euskarazko mezuak, bidegabekeriaren aurka, asko eta asko amorruz eta erreibindikazioz idatziak. «Euskalduna naiz eta harro nago» da gehien idatzi den leloetako bat.
Harro bai, baina osasuntsu ez. Osakidetzan euskararen normalizazioa urruti dagoela badaki euskaraz bizi nahi duen edonork. Badaki edozein unetan topo egingo duela erdaraz hitz egingo dion mediku edo pediatra batekin. Eta badaki, agintari eta politikariek esanda, mediku ona izatea garrantzitsuagoa dela euskalduna izatea baino. Badaki ezingo duela medikuntza euskaraz ikasi, non eta EHUn, eta ezin izango duela aretotik alde egin matrikula egin behar dion funtzionarioari bizkarra emanda.
Badaki, baina ez dago konforme. Horregatik sortu dute Berdin, osasun zerbitzuak euskalduntzeko. Euskalduna ez delako bigarren mailako herritarra. Euskaraz gaixotzeko eskubidea duelako, ikasteko eta ulertua izateko. Almeriaraino joan gabe, Eibarren bertan. Kameren argia itzali, eta benetako bizitza hasten denean.
![inaki petxarroman inaki petxarroman](https://www.berria.eus/uploads/s1/59/18/53/8/inaki-petxarroman.png)
HIZPIDEAK
Almeriaraino joan gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu