Hizpideak
Argirik ez estoldetan
Espainiako Poliziaren Informazio Brigadako komisario bat akusatuen aulkian eseri da, GALek 1986an Baionako Batzoki eta Consolation tabernen kontra burutu zituen atentatuetan zerikusia izatearen akusaziopean. Epaiketaren lehen saioak agerian utzi du akusatuaren defentsarako taktika: onartzea parte hartu izana Mareyren bahiketan (bederatzi urteko zigorra jaso zuen horregatik), bahiketaren ardura orduko gobernuari egotzi—Felipe Gonzalezen gobernuari—, eta beste guztia ukatu. Jose Amedo polizia ohiak bat egin du taktika horrekin lekuko gisa deklaratu duenean. Esparru politikoan kokatu du GALen ardura, eta Felipe Gonzalez eta orduko buruzagi sozialista batzuk seinalatu ditu erantzule. Ezer berririk ez, lehenagotik egindako akusazio orokorren errepikapena. Berritasunik ez ardurak argitzeko bidean. Epaiketa honek soilik balioko du gogoratzeko GALen atentatu gehienak argitu eta zigortu gabe gelditu direla, estatuaren estoldak ilunpean jarraituko dutela, eta egia argituko duen erakundea beharko dela, justizia nahi izanez gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu