Kale batean jaiotzen zara, plaza batean hazten, eta herri edo auzo batean ikasten duzu mundua amaigabea dela, eta badirela beste guztiaren gainetik dauden egia eztabaidaezinak. Hala, gizakiaren eboluzioaren hurrengo urrats sinplea zirudien globalizazioak: trukeak txanpona ekarri zuen bezala, merkataritzaren eta garraiobideen garapenak ekarri zuen globalizazioa. Horren kontra joatea medikuntza aurrerapenen kontra joatea bezain zentzugabea zirudien, ikusi nahi ez duen itsua. Hain zen egia potoloa globalizazioa, hortik kanpo kokatzen zena alter izatera kondenatu zuten, mundua mugitzen duen ardatzetik kanpo utziz, outsider ez esatearren.
Baina agian globalizazioaren egia horretan dena ez da zirudien bezain eztabaidaezina eta naturala. Korporatokraziarekin amets egiten dutenen zorigaitzerako, gobernuak neurri protekzionistak ari dira hartzen, eta nazioarteko merkataritza itun handiek orain arte ez bezala jarri dute jomugan globalizazioa. Mugarik eta kontrolik gabeko merkatu librea ez da jada panazea. Bere burua kontrolatzen duen merkatuaren ereduak, jasangarritasunaren ikuspuntutik zalantza asko eragiteaz gain, ez zuen balio izan 2008ko krisia leuntzeko.
Kontua ez da jada beste mundu bat posible den, baizik eta beharrezkoa duen mundu batean globalizazio hau den posible. Agian beste globalizazio bat da posible.

HIZPIDEAK
Beste globalizazio bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu