Hizpideak

Egitekoak eginda

enekoitz telleria sarriegi
2011ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Halaxe joan da, eta halaxe doala esan du Lula Da Silvak, oraintsu arteko Brasilgo presidenteak. Eta ez da askotan gertatuko presidente batek agurrean esana eta presidente horren agintean egon direnek haren agurrean esana bat etortzea. Horixe gertatu da Lularekin, eta horixe brasildarren gehiengoarekin —%80tik gorako onarpen indizearekin esan dio agur karguari, eta Latinoamerikak inoiz izan duen presidenterik onena da askorentzat—.

Ez da harritzekoa horregatik Dilma Rousseff presidente berriaren kargu-hartzea orain arteko presidentearen agurrak itzalpean harrapatu izana. Ez dauka zeregin erraza Rousseffek. Lularen karismarik gabekoa, pobreekiko haren enpatiarik gabekoa, eta haren aldean politizatuagoa da Rousseff. Lularen zortzi urteko agintaldian oposizioa txikituta egon da, bazter batean, lotuta eta etsita, presidentearen itzelezko entzute eta onarpenaren beldur. Orain iritsi da haien unea eta haiei (ere) egin beharko die aurre Rousseffek. Egitekoak eginda doala esateko lau urte zail ditu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.