HIZPIDEAK
Erantzunik ez
Aspaldi honetan lan gatazka gaizto asko sortu dira. La Navalen. Huerta de Peraltan. Zahar etxeetan. Garbitzaileen artean. Ubiken. Gatazka gaiztoak, soluziobide argirik ikusten ez zaielako; baldintzengatik edo jarrerengatik, luzatzen ari direlako. Eta itxura gaiztoa hartu duen beste bat gehitu behar zaio zerrendari: Kristau Eskolakoa. Patronalak orain arte esan duena errepikatu du berriro, ulertzen dituela langileak, baina ez dagoela dirurik. Sindikatuek ere orain arteko aldarriei eutsi diete; ez dutela etsiko beren eskakizunetan, patronalak ez duela ezer berririk eskaini, hamar urte daramatzatela lan ituna berritu gabe, langileak kaleratzeari uzteko konpromisorik ez dagoela. Eta ekuazioan gurasoak sartu dira orain; kezkatuta daude, iruditzen zaielako umeak «presio bide gisa» erabiltzen ari direla, eta martxa honetan ikasturtearen %10 galduko dutela. Asteazkenetik aurrera beste zortzi eguneko greba bat hastekoa baitute Kristau Eskolako irakasleek. Asteak dira gatazka puntu berean dagoela, ez atzera, ez aurrera. Gaiztotu egin da. Aurretik beste lan gatazka batzuk bezala. Eta gatazka horietan murgilduta dauden langile askok administrazio publikoari laguntza eta bitartekaritza eskatu diote. Etorri ez dena. Autobideak eta trenbideak egiteko eskumenak badituzte gobernuek, baina gaiztotutako lan gatazkak konpontzeko ez, antza. Horixe zen kapitalismoa: gobernuek ez ditzatela enpresak ukitu. Eta horrela galtzen dute gobernuek zilegitasuna herritarren aurrean, arazoak konpontzeko ezgai agertuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu