inaki petxarroman
Hizpideak

Erdaraz hitz egiteko lekua

2013ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Hitz egiteko lekua da parlamentua. Hitz egiteko tresnak dira hizkuntzak. Eta, beraz, hitz egiteko erabiltzen ez den hizkuntza lurperatzetik gertu dago. Ez du askorik iraungo. Euskal Herriko bi parlamentuetan oso gutxi hitz egiten da euskaraz: %25 inguru Eusko Legebiltzarrean eta %10 baino gutxiago Nafarroako Parlamentuan.

Berez gizartean duen egoeraren parekoa du euskarak bi parlamentuetan. Baina eskertzekoa litzateke arriskuan den bertako hizkuntza gutxituaren aldeko babes eta konpromiso handiagoa alderdi politikoetako ordezkarien aldetik. Eskertzekoa ez ezik, beharrezkoa ere litzateke, legeak egiteaz gain, eredugarria delako gizarte batentzat bere ordezkari politikoen hizkuntz joera. Hala da Katalunian. Eta hala da hemen. Eta garbi dago, zenbakiei begiratuta, erdara dela parlamentarien tresna. Nola eskatu gero herritarrei euskararen aldeko konpromisoa norberak bere zereginetan hartzeko prest ez badago?

Badago, horrez gain, beste gogoeta bat gaiaren inguruan. Euskal Herrian euskara bazterreko hizkuntza da lege ikuspegitik ere. Pentsaezina litzateke frantsesa edo gaztelania ez den beste hizkuntza batean aritzea diputatu bat Frantziako Asanblea Nazionalean eta Espainiako Kongresuan. Bota ere egingo lukete hartara ausartuko balitz. Ameskeriatzat joko lukete batzuek, baina segur aski beharrezkoa litzateke Hego Euskal Herriko bi parlamentuetan derrigortzea euskararen gutxieneko erabilera bat, gutxien-gutxienez, gaztelania bezainbeste erabil dadin. Parlamentarien borondatearen esku bakarrik uzten bada, ikusten da zein diren emaitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.