inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Eskozia, Ipar Irlanda...

2016ko ekainaren 25a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Eskoziak eta Ipar Irlandak ez dutela brexit-arekin bat egin eta Europako Batasunaren barruan jarraitu nahi dutela nabarmendu dute hedabide askok; besteak beste, Eskoziaren independentziari buruzko erreferenduma batere begi onez ikusi ez zutenetako batzuek, adibidez, Espainian. Orain, itxuraz, beste erreferendum bat egiteko aukera ez dute hain gaizki ikusten, Europako Batasunean gelditzeko bada.

Eskubide osoa daukate jarrera aldatzeko, nola ez. Azken finean, Eskozia eta Ipar Irlanda euren etorkizunaz erabakitzeko eskubidea duten entitate politikoak baitira. Eta, gainera, Londresek ahalmen hori eskaini izan die, gainera, gertuagoko errealitate politikoetan ez bezala.

Erresuma Batuko herritarrek brexit-a babestu dute, eta Europako Batasuna jarri dute bizi duen krisi sakonaren ispiluan. Goiz da zehazteko hartutako erabakiak zer ondorio politiko, ekonomiko eta sozial izango dituen, baina argi dago hemendik aurrera ezer ez dela lehengoa izango Europan.

Eta krisia aukera ere badenez, ezkerrak eta nazio gutxituek ahaleginak eta bi egin beharko lituzkete Europa berrian euren tokia aurkitzeko. Eskozian eta Ipar Irlandan has daiteke bide berria. Eta horrek oraindik agerianago utzi beharko luke katalanek eta euskaldunek ere izan behar dutela egunen batean euren brexit partikularraz gozatzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA