Itxaropen handia zeukaten jarrita Eskoziako independentzia erreferendumean Kataluniako eta Euskal Herriko independentziazale askok. Eskoziar gehienek 2014ko irailean egindako galdeketan baiezkoaren alde eman balute botoa —ezekoak %55ekin irabazi zuen—, independentziaren atea irekiago topatuko zuketen egutegian atzetik zetozen katalanek. Garaipen hark ahoa itxiko baitzien esaten dutenei kolonia egoeran dauden herrialdeekin bakarrik aplika litekeela autodeterminazio eskubidea: Eskozia Europa da, eta Erresuma Batuan dago.
Orduz geroztik, William Wallaceren jarraitzaileek (gaurko SNP alderdia) behin eta berriro adierazi dute —xehetasun handirik gabe, ordea— bigarren erreferendumera deitzeko asmoa. Brexit-aren galdeketak erakutsi zuenez, ez eskoziarrek, ezta ipar irlandarrek ere, ez dute Europatik atera nahi, uste dutelako errazago lor dezaketela independentzia Europan segituta.
Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeonek data muga jarri zion atzo bigarren galdeketari Erresuma Batua Europako Batasunetik ateraz gero: 2021a. Komeni da gogoratzea Eskoziak ez daukala eskumenik erreferenduma egiteko eta, 2014koan jazo legez, Londresko gobernuarekin adostu beharko duela egitea. Ordukoan, eman zion baimena Downing Streeteko maizterrak; ikuskizun dago zer egingo duen oraingoan.

HIZPIDEAK
Eskozian ere baimena behar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu