martxelo otamendi
HIZPIDEAK

Eskubidea eta mina

2021eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Baldin badago eztabaida bat zuzenbidean sekula agortzen ez dena, adierazpen askatasunaren muga juridikoena da. Lehendabizi, askatasun horrek muga behar ote duen, eta, muga behar izatekotan, non jarri muga hori.

Zigor Kode on batek ahalik eta zehatzena zedarritu behar ditu delituak, ondo identifikatu zer den delitu eta zer ez, justizia egin behar dutenek argi eduki dezaten zer zigortu eta zer ez. Kode zehaztugabe batek aukera ematen baitu egitate beraren gaineko oso juzgu desberdinak emateko, erabat kontrajarriak kasu batzuetan. Zehazteko zailtasun horren gailurrean adierazpenarekin lotura daukaten kasuak daude.

Adierazpen askatasunari ematen zaion balioa tresna egokia da gizarte baten kalitatea neurtzeko. Europako Batasuneko komisario batek —Giza Eskubideetako Dunjia Mijatovicek— dotorezia handiarekin iradoki dio Espainiari Zigor Kodearen zenbait atal alda ditzan, adierazpen askatasunari traba egiten diotelako, besteak beste, afera hauetan: terrorismoaren gorazarrea, erregearen aurkako irainak, erlijio sentimenduen kontrakoak...

Erraz egingo dugu bat askatasunari mugak ez jartzeko jarrerarekin. Horregatik, indar berarekin defenditu beharko genuke beste batzuen eskubidea guretzat balio handikoak diren elementuen aurka egiteko. Mina eraginda ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.