Bruselako justiziak atzeratu egin du Carles Puigdemont, Toni Comin eta Lluis Puig estraditatzeko erabakia, defentsak nahi zuen bidetik, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak Oriol Junquerasen inmunitateaz erabaki arte. Independentistek badute esperantza Europako auzitegiaren deliberoan, abokatu nagusiaren iritzia Junquerasen aldekoa izan baitzen, eta auzitegiak maiz erabiltzen du abokatu nagusiaren irizpide bera.
Europako auzitegiak —erabakia Junquerasen aldekoa balitz— Espainiakoari zartako garrantzitsua emango lioke, ERCko buruari akta hartzera joatea debekatu baitzion, baita Puigdemonti ere.
Junquerasentzat bezala, Puigdemontentzat ere erabakigarria izango da Luxenburgok dioena. Bere talde juridikoko batzuek pentsatzen dute —ez denek— Kataluniara tarteka itzultzeko aukera eman liezaiokeela aldeko erabakiak, eta Europak arrazoi emateak beste aukera bat emango lioke berriz ere eztabaidaren erdigunean jartzeko.
Gainera, Quim Torra inhabilitatzea erabaki dezake asteon Kataluniako Auzitegi Nagusiak —Espainiako Auzitegi Gorenera jo dezake—, eta gorenera bidean ere Europara begira jarriko dira. Hori guztia Espainiako Gobernua inbestidura ERCrekin negoziatzen ari den bitartean eta Generalitateko bozak independentista ororen ahotan daudenean.

HIZPIDEAK
Europara begira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak