Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Gai berarekin bueltaka

2019ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Theresa May oso ukituta iritsi da B planaren aurreko negoziazioetara, EBrekin hitzartutakoak porrot historikoa bildu eta gero legebiltzarrean, joan den asteartean. Astebete egin du batekin eta bestearekin hizketan, Ipar Irlandaren auzia erdigunean jarriz. Atzo, beste behin, esan zuen ez duela etsiko Bruselan negoziatzeko legebiltzarreko gehiengoak onartuko lukeen akordio bat lortu arte. Bi urte eta erdi egin ditu Mayk, ordea, horixe bera egin nahian, eta bi hilabete pasatxo geratzen zaizkio ezinezkoa erdiesteko, baldintzak aldatu ezean. Gainera, galdutako bozketak ahul utzi du —gobernua ere bai—, negoziatzeko sinesgarritasuna galduta. Horregatik, alderdikide kritikoetako batzuk aukerak aztertzen ari dira beste alderdietako ordezkariekin, legebiltzarretik kontrola dezaten brexit-aren negoziazioa, irteera gogorra baztertu ahal izateko. Horrek, baina, jarrerarik gogorrena duten alderdikideen haserrea sortuko du, eta Mayk erabaki egin beharko du nora jo: batera egiten badu, besteko dimisioak etorriko zaizkio, eta alderantziz. Gobernuaren kalterako beti.

Eta bigarren erreferendumik ez du nahi, hitzarmenik gabeko irteerarik ere ez; Ostiral Santuko akordioa ez du ukituko, eta 50. artikulua luzatzerik ez luke nahi. Alegia, marra gorriek gorri segitzen dute Mayren zulo beltzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.