Munduko agintari boteretsuenek ez dute deus egiten bertzerik gabe. Haien ekintzek eta erranek beti dute motiboren bat, agerikoa ez bada, ezkutukoa dena. Eta gauza bera deus egiten ez dutenean edo isilik gelditzen direnean. Beti dago hariren bat ongi lotuta, beti dute dena pentsatua. Planak eta jukutriak.
Hortaz, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak iragan asteartean proposatu zuenean Estatu Islamikoaren nazioarteko koalizioak Hamasen kontra esku hartzea, etorkizun hurbilerako estrategia zein izanen den adierazten ariko zen. Hau da, Gazako gerra Ekialde Hurbil osoko gerra bihurtzea, eta koalizioan dauden herrialdeak (ia Mendebalde osoa eta Ekialde Hurbileko monarkiak, bertzeak bertze) Iran lidertzat duen ardatzarekin aurrez aurre borrokatzea.
Edo ez. Edo munduko pertsonarik boteretsuenak, hala izanagatik ere, oinak lurrera itsatsiak dituzten gizakiak dira bertzeak bezala, eta Macronek erran zuenak ez zuen eguneko titulua izatearen kategoria gainditzeko inongo ahalmenik; eta, pertsonaiaren palmaresa ezagututa, bai, ordea, arreta bereganatzeko hamaikagarren erakustaldia izatekoa. Arreta bereganatu nahi izateak berekin maiz ekarri ohi du bertze gaitz bat: arduragabekeria. Hagitz gaitz gizatiarra, eta deus guti duena dena ongi lotuta eta ongi pentsatuta izatetik.
HIZPIDEAK
Gaitz gizatiarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu