arantxa elizegi egilegor
HIZPIDEAK

Gerrari kateatuta

2023ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Ez da batere erraza gerra bat amaitzea aldeetako batek bestea —edo besteak— erabat menperatu ezean. Garaipena eskuratzeko bide horretan oso garrantzitsuak dira gerrarako baliabideak: armak, ibilgailuak, soldaduak... baina baita dirua ere. Gatazka batek piztuta irautea garestia baita; galdetu bestela Ukraina laguntzen ari diren estatuei.

AEBetan larunbatean adostu zuten instituzioei beste 45 egunez zabalik eusteko larrialdiko finantzaketa. Baina akordio horretatik at geratu dira Kieventzako laguntza ekonomikoak. Joe Biden presidentea berehala irten da jendaurrera, eta ohartarazi du Ukraina ezin dutela bakarrik utzi «Errusiaren erasoaldi ankerra ikusita». Arazoa da, ordea, estatuburu demokratak nahi edo ez gero eta txikiagoa dela Kiev finantzatzen jarraitzeko prest dagoen taldetxoa —Eslovakiak ere pauso bat atzera egin du, laguntza etetearen alde kanpaina egin duen alderdiak, hau da, Robert Ficorenak bozak irabazi ostean—.

Egia da handienek sendo eusten diotela oraindik, Alemaniak eta Erresuma Batuak kasurako; baina, halaber, egia da urte eta erdi joan dela Errusiak erasoaldia hasi zuenetik, eta frontea apenas mugitu den azken hilabeteetan. Horiek hala, zenbat denbora jarraituko du Mendebaldeak gerrari kateatuta? Kievek zenbat gehiago eutsiko dio diru iturriak ixten dizkiotenean?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.