Badator matraka berriro: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sozietate zergaren %28ko tasa nominala altuegia dela eta jaitsi egin behar dela, %24-25era, nola ez, enpresak lehiakorragoak eta erakargarriagoak izateko. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak bere egin du enpresarien elkarteetako agerraldi ia guztietako eskaria, eta enpresek gutxiago ordaintzea nahi du irabaziengatik —irabaziak zergapetzen ditu sozietate zergak—. Hori guztia, jakinda enpresek tasa nominala baino gutxiago ordaintzen dutela kenkariei eta hobariei esker.
Deigarriak dira Rementeriak herenegun eta atzo egindako adierazpenak. Haren hitzetan bada mezu bat, bada tonu arriskutsu bat, sozietate zergak bilketa osoari egiten dion ekarpena gutxietsiz, bildutako ehun eurotik zazpi bakarrik direla esanez, aldaketak ez lukeela hainbesteko eragina iradokiz, sozietate zergaren beraren funtzioa eta ekarpena auzitan jarriz.
Zergak jaitsita diru kopuru bera edo gehiago bildu nahi du Rementeriak, kenkariak moldatuz. Kenkariek «benetako» kalitateko enplegua sortzeko eta «benetako» berrikuntza egiteko balio behar duela iradoki du. Gaur egungo kenkariek, beraz, ez dute balio horretarako? Enpresek zerga gutxiago ordaintzeko tresna dira?
Bistan da alde handia dagoela gizartetik sozietatera.

HIZPIDEAK
Gizartea eta 'sozietatea'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu