Kontua ez da soilik zein unetan eta zergatik erabakitzen duen gizon batek emakume baten gainera botatzea irakiten jarritako olioa. Kontua da zer gizartetan hasten den olioa irakiten. Mutilentzako eta neskentzako jolasak, haurrek jakin ere ez dakitenean mutilak edo neskak diren; hedabide askoren mezu sexistak, egin beharrekoen eredu balira bezala; rol bereizketa etxean eta kontrol zorrotza kalean; berdintasunaren aldeko kanpainak, kanpaina arteko menpekotasun mezuen artean. Horrela, egunero, une oro, eta, halako batean, hainbaten artean, pertsona batek irakiten dagoen olioa botatzen dio beste bati. Gazte batek, gazte bati. Gizon batek, emakume bati. Bere sotiltasunean oharkabean pasatzen diren praktika matxista biolentoei mikromatxismo esaten zaie. Makroak ere, ordea, egun gutxiren bueltan laster doaz oharkabean.
Eta ez luke horrela izan behar. Basakeria da atzo Barañainen emakume bati egin ziotena. Egin izan baliote euskaldun bati euskaraz egiteagatik, beltz bati beltza izateagatik, polizia bati polizia izateagatik edo haur bati esandakoa ez egiteagatik, ezin barneratuko luke gizarteak. Baina emakume bati bota dio, ustez, bere bikotekideak, eta jaiotzatik ikasi eta barneratutako gizon-emakume dikotomiaren muturrean kokatuta, samurtu eta barneratzen da.
Zartaginak ahaztea soilik behar du, olioa berotzen jarraitzeko.

HIZPIDEAK
Gizartea, zartagin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu