Gertuko senidearen ordez, gela hutsak eta oroitzapenak, errauts kutxa bat besarkatzeko edota hilarriren bat bisitatzeko. Begiaren ordez, zuloa, kristalezko ordezkoarekin betetzeko edo partxearekin estaltzeko. Zauririk gabeko gorputzaren ordez, hautsiak, urratuak eta ubelduak. Hutsuneez, zuloez eta orbanez gain, inpotentzia, amorrua, ezintasuna, ebakuntzak... Kasu batzuetan, baita mugarri bat ere, bizitza baten amaieraren eta bestearen hasierarena. Guztietan mina. Guztietan kolpea. Guztietan zigorgabetasuna. Poliziek jaurtitako gomazko pilotek eragindako minak eta kolpeak dira.
«Harriek ez daukate begirik», kargu hartzen ziguten helduek haurrak ginela harriak botatzen genituenean, izan beste norbaiten gorputzera, izan ibaira, izan sasitara. Harriek ez daukate begirik, gomazko pilotek ere ez; baina harriak eta gomazko pilotak botatzen dituztenek bai.
Gomazko piloten erabilera arautzen dutenek eta gomazko pilotak erabiltzeko agintzen dutenek badakite gomazko pilotak arriskutsuak eta kontrolaezinak direla. Hala ere, sarritan erabili dituzte Euskal Herriko kaleetan, eta ez daukate debekatzeko asmorik, duela hiru urte Iñigo Cabacas gomazko pilota baten kolpearen ondorioz hil bazen ere.
Gomazko pilotek ez daukate begirik; haiei buruzko erabakiak hartzen dituztenek bai, baina ez dute ikusi nahi.

HIZPIDEAK
Gomazko kolpeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu