Juan Maria Aburto Bilboko alkateak «herriari» eskaini zion atzo Begoñako basilikan dantzatu zuen aurreskua. Kristautasunak bere jai handienetako bat ospatzen duen egun horretan, Aburto saiatu da nolabait bere kargua eta ardura instituzionala ospakizun horretatik bereizten. Baina aurreskua toki horretan eta egun horretan dantzatu izanak hutsean uzten du bere saiakera, Bilbon herriari dantza egiteko leku eta egun aproposagoak badaudelako. Laikotasunaren agurrak itxaron egin beharko du.
Hauteskundeak izango dira bi hilabete barru Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, aurki, lehendakari izendatu berriak berriro egin beharko du zin Gernikako Juntetxean. Ikusteko dago Jaungoikuaren aurrian apalik edo nola hitzemango duen, baina, hilabeteek aurrera egin ahala eta agintaldiak joan eta agintaldiak etorri, ikusten da laikotasunari asko kostatzen zaiola legeak gizartean ematen dion espazioa irabaztea. Kargu publiko batengandik espero beharrekoa da beste bultzada bat ematea. Atzo bertan Aburtok «agur berezia» eskaini zien Begoñara bildutako «150.000» lagunei. Keinu polita zatekeen oporretan hondartzara, mendira, hiriburu batera edo gurasoen herrira joan diren edo atzo itzulerakoan auto ilara batean harrapatuta zeuden beste milaka lagun guztiei ere «agur berezi» bera eskaintzea, herriari, dantza eskaini gisa. Egin ezean, gizartean ez duen garrantzia ematen ari zaiolako agintaria ospakizun kristau bati.

HIZPIDEAK
Herriari agur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu