jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Higatzea

2017ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hilabete honetan beteko dira bi urte UPNk Nafarroako Gobernua galdu zuenetik. Bi urte euren kudeaketaren emaitza —aliantza zabal bat— digeritu ezin. Bi urte aldaketa ezin ulerturik. 2015eko maiatzaren 24ko hauteskundeak irabazi egin zituen Jose Javier Esparza UPNko hautagaiak, baina UPNk gobernua galdu zuen. Yolanda Barcinaren garaia ahazteko premiaz, lau hilabete geroago Esparza hautatu zuten alderdiko presidente. Adituek estrategia aldaketa bat iragartzen zioten UPNri oposizioan. Halakorik ez da izan, ordea, eta gobernuan zegoenean bezain gogor aritu da. Are eta gehiago: Barcina desagertuta, hura ahaztuarazi nahian erasokorrago aritu dira.

Aurreko agintaldietako eskandaluak atzean utzita, pentsa zezakeen Esparzak egina zuela zailena bi urte barru presidentetza berreskuratzeko bidean. Mariano Rajoyri eskua eman eta Nafarroako presidente planta egin berri du Madrilen, Espainiako aurrekontuei UPNren babesa ematearen truke Nafarroarentzat AHTaren moduko azpiegitura bat negoziatuz. Agintaldiaren erdian, ordea, ezusteko bi ustelkeria kasurekin egin du topo, eta, hain zuzen, gobernuan zegoen garaiko kudeaketari dagozkio. UAGN eta Ultzama auziek bete-betean harrapatu dute, eta Barcinaren garai ilunenera itzularazi dute UPN, klientelismoarekin lotuz.

Horrekin zerikusirik ez duela dio Esparzak, baina zehaztasun asko eman beharko ditu hori argitu nahi badu, berak bere larruan ezagutu baitu nolako mina egin zioten politikoki UPNri Barcinaren garaiko auziek (CAN, Gendulain,Eguesibar, Osasuna...). Bi urte falta dira bozetarako, eta 2015eko emaitzak ulertzeko bi hitz, ustelkeria eta erregimena, lehen lerro politikoan dira berriro. UPNk duela lau urteko boterea ez duela aintzat hartuta, Esparzak azalpen sendoagoak eman beharko ditu datozen bi urteetan ere Barcinaren aroa ahaztuarazi nahi badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.