Artean Frantziako Presidentetzarako hautagai zelarik, «konponbide onuragarri bat» aldarrikatu zuen François Hollandek Aurore Martinen auzian, eta, euroagindu eskaeraren kontrako jarrera erakutsiz, Batasuneko militantearentzat «bestelako irtenbide bat» galdegin zion Nicolas Sarkozy presidenteari. Orain, ordea, presidente da Hollande, eta Sarkozyk berak ere egin ez zuena egin du: Frantziako herritartasuna izan arren, Espainiaren esku utzi du Martin, Frantziak legezkotzat duen erakunde bateko kide izateko akusaziopean. Hollanderen hitzak eta ekintzak, bistan denez, ez datoz bat.
Asteon bertan, Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek argitu du PPko gobernuak ez duela ETArekin negoziatuko, nahiz eta jakin badakiten presoei buruzko akordio batekin erakunde armatuaren desegitea bideratuko luketela. Kasu horretan ere litekeena da hitzak eta ekintzak bat ez etortzea, azpitik mugimenduren bat izatea. Baina itxura oso bestelakoa da: ez dute ETA desegitea nahi; desegin egin nahi dute, kosta ahala kosta.

Hizpideak
Hitzak eta ekintzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu