Benedikto XVI.ak «zeharo lotsatuta» zegoela adierazi zuen herenegun, AEBetara iritsi aurretik, herrialde hartan milaka apaiz pederastak milaka haur bortxatu zituztelako. Kopuruak izugarriak dira: Eliza katolikoak 10.667 pertsonaren salaketak jaso ditu, 4.392 apaiz estatubatuarren aurka. «Lotsa» dio; eta horrelako izugarrikeria itzelaren aurrean lotsaren aurretik beste sentipen ugari eragin behar duela, beharko ziola, pentsatzea zilegi da. Lotsa izan, beharbada, Vatikanoak krimen horiek ezkutuan gorde, trapu zikinak etxean garbitu (edo ez) eta ezer jazo izan ez balitz bezala igaro nahi eta lortu ez zuelako izan daiteke. Lotsa izan, beharbada, lotsagarri geratu zelako Vatikanoa.
Eta orain dator aita santua, aurrerantzean apaiz pederastarik ez dela izango esanez. Aita santu gisa AEBetara egin duen lehen bidaia delako izango da, baina esan zezakeen milaka bortxaketa kasu horien berri jakinez geroztik ez dagoela apaiz pederastarik Erromako elizaren babespean.
Ez da harritzekoa izan, beraz, Joseph Ratzingerren azalpenen ondoren, apaizek bortxatu zituzten biktimen artean haserrea piztu izana. Aita santuak nahikotzat ei dauka biktimei bi mila milioi dolar ordaindu izana; ez du haiekin batzartu nahi, AEBetara egindako bidaia aprobetxatuta hamaikagarren aldiz eskatu dioten arren.
Lotsa izango du Ratzingerrek. Lotsa, Vatikanoak krimen hauek zirela-eta izan zuen jokaerarengatik; lotsa, gotzain estatubatuarrek auzi hauek argitu beharrean iluntzen saiatu zirelako, horretarako krimenak gutxietsi - «ez zen hainbesterako» esan ere egin zuten- eta biktimak iraindu ere egin zituztelako. Nola esango dute orain «utzi haurrei niregana etortzen»?
HIZPIDEAK. Aita santuaren lotsa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu