Duela 50 urte, haurrak euskaraz eskolatu nahi zituzten gurasoak behar zituen Seaskak. Orain, euskara nahi duten gurasoak behar ditu haurrak euskaraz eskolatzeko. Euskara salbatu behar zen 1969an, eta dena egiteko zegoen. Egindako bideak erakusten du zer garrantzitsua izan zen orduan euskarazko hezkuntzaren aldeko urratsa egitea Seaskaren sorrera bultzatu zutenek eta aurreiritziekin hautsi zuten gurasoek. Arrakastatsua izan da bidea, eta duela mende erdi zailena izan zitekeena lortua du: euskaldunak euren kulturaz eta hizkuntzaz jabetzea eta euskara bazterretik ateratzea. Azken hamar urteetan %60 hazi dira Seaskako ikasleak, eta joera horrekin, 2030ean Ipar Euskal Herriko ikasleen %20 izateko hurbil egongo dira.
Zoritxarrez, ordea, ezin esan liteke euskara arriskuz kanpo dagoenik 50 urte geroago. Seaskaren bidea ezin oparoagoa izanagatik, erronka berriei egin behar diete aurre irakasleek eta gurasoek euskara salbatu eta haur euskaldunak hezi nahi badituzte. Kontua ez baita euskaldunak izatea, baizik eta hiztunak izatea, euskal hiztunak. Euskaraldiak modu berritzaile batez erakutsi zuen abenduan zeintzuk diren Euskal Herri osoan euskarak dituen hutsuneak, gaur egungo aurreiritziak, hizkuntza azpiratu bateko hiztunak barneratuak dituen mugak. Horri aurre egiteko formula aspaldi asmatu zuten Seaskaren sortzaile eta gurasoek, 1969an: engaiamendua. Irakaspen hori ere eman du Seaskak.

HIZPIDEAK
Irakaspena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu