Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua aitzindaria izan zen: Musikariak Ikastetxeetan programa sortu zuen duela bost urte. Programa horri esker, dozenaka musikarik bisitatu dituzte Nafarroako A eta D ereduko ikastetxeak, bost urtez. Euskal musikaren eta kulturaren transmisiorako hain premia larria sumatzen den garaiotan, zubiak eraikitzeko aukera bat izan da, eta balorazio onak besterik ez du jaso: irakasleak pozik, ikasleak pozik, eta musikariak pozik. Horren ongi pasatu da programa, ezen Eusko Jaurlaritzak ere antzeko programa bat abian jartzea erabaki baitzuen duela pare bat urte.
Baina bada, itxura denez, programa aitzindari horren pozak kutsatu gabeko norbait. Hezkuntza Departamentuko Euskara Atalak bertan behera utzi du programa, goizetik gauera, posta elektroniko ziztrin bat bidalita antolatzaileei, inolako azalpenik eman gabe eta arrazoiak argitzeko aukerarik ere eman gabe.
Pozaren arrazoiak ugariak ziren. Ez zen, bakarrik, gazteek kulturgileen, eta zehazki euskal kulturgileen, berri lehen eskutik jasotzeko aukera zutela, baizik eta Nafarroan sortu eta garatu zela halako programa bat, besteentzat eredu izan dena. Baina, itxura denez, euskaldunen poza atsekabe zaie PSNko agintariei: aukera izan duten bezain pronto ezabatu dituzte euskal musikariak klaseetatik.

HIZPIDEAK
Musikariak ikastetxeetatik kanpo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu