HIZPIDEAK. Idurre Eskisabel
Nafarroa, arragoa
Aralarrek galdutzat jo du datozen hauteskundeetara Batasunaren ildoko ezker abertzalearekin aurkezteko aukera. Hainbat bilera egin ei dituzte elkarrekin, baina aldeak handiak omen: konfiantza falta dela, eta Nafarroa ulertzeko moduan zein aldaketarako jorratu beharreko edukietan urrun daudela argudiatu dute Aralarreko buruzagiek, zehaztasun handitan sartu gabe. Hain justu, iragarpen horrek abertzaleen batasuna amets dutenei sor diezaiekeen desilusioaz gaindi, alderdiek ageri duten zehazgabetasun hori gertatzen da etsigarri herritar askorentzat: argi ez aletzea zeintzuk diren akordioa ezinezkoa egiten duten giltzak eta batzuk eta besteek hartu dituzten jarrerak. Elementu horiek ezean fedez jokatu behar dute herritarrek arrazoiz beharrean. Eta ezkutukeria hori ez da Aralarren gaitza bakarrik, baizik eta, oro har, alderdi guztiena. Eztabaida hori gardentasunez egin eta herritarrei azalpenak emateak berak bideratuko luke, ziurrenik, alderdikerien gainetik akordioetara iritsi eta Nafarroa berria egosteko arragoa sortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu