Hispanitatearen Eguna izan zen atzo. Eta hainbat eragilek Hego Euskal Herriko hainbat txokotan jo zuten kalera, urriaren 12a ez dela gure jai eguna aldarrikatzera. Ez dago ezer ospatzekorik. Ipar Euskal Herrian uztailaren 14an, Frantziako Errepublikaren Egunean, ezer ospatzekorik ez den bezala. Aldarrikapenerako eguna da, Euskal Herria aldarrikatzekoa, eta Euskal Herriari izatea bera eragozten dietenei hortzak erakustekoa. Eta, hain zuzen ere, Miarritzen Munduko Pilota Txapelketa jokatzeko hamar egun falta direnean, horixe izan zuten hizpide Durangon.
Izan ere, euskal pilotako aldaera eta modalitateak oinarri dituen txapelketa jokatuko da Miarritzen, eta Euskal Herriko dozenaka pilotarik parte hartuko dute. Baina ez euskal selekzioarekin: Espainiako edo Frantziako elastikoarekin jokatu beharko dute, Espainiako edo Frantziako koloreak eraman beharko dituzte soinean, eta irabazten dutenean, tente jarri, Espainiako edo Frantziako ereserkiak entzuteko.
Ofizialtasunaren aldarriak kirol guztietan du garrantzia eta zentzua, baina are handiagoa euskal pilota denean, Euskal Herrian edota euskal herritarrak jokatzera joandako herrialdeetan soilik jokatzen denean. «Gure herrian, gurea dugun eta gure izena daraman kirolean, hau gertatzea lotsagarria eta penagarria dela deritzogu». Ezin da argiago esan.
HIZPIDEAK
Ospatzeko, ezer ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu