Gizonezkoen txirrindularitzako hiru itzuli handietatik bi igaro dira aurten Euskal Herritik. Nafarroa Beherea ez bertze probintzia guzietatik pasatu dira, eta etapa politak diseinatu dituzte, zaleen gozamenerako. Tropelak Frantziako Tourrean eta Espainiako Vueltan Ipar eta Hego Euskal Herriaren muga alde batetik bertzera gurutzatu duen egunen bueltan, ordea, estatuek mugako pasabide batzuk itxi dituzte. Atzo, Larrainekoa gurutzatu zuen tropelak. Iragan abuztuaren 21ean ofizialki itxi zuten Frantziako jendarmeek eta Espainiako guardia zibilek. «Ez dugu onartzen bi estatuek hartu duten horrelako erabakia, gure bizia baita hemen pasatzen dena, bai Zuberoan, bai Nafarroan», adierazi zuen atzo Jando Iriart Larraineko auzapezak.
Iragan uztailean, berriz, Tourra heldu zela baliatuta Hendaiako eta Irungo alkateek Frantziari eskatu zioten bi hirien arteko Etorbidearen zubia irekitzeko; Parisek onartu egin zuen, baina etapa igaro eta berehala itxi zuen berriz ere, eta alkateenganako eta horiek ordezkatzen dituzten herritarrenganako adarjotze itxura hartu zuen erabakiak. Inor gutxik babesten ditu muga ixteko justifikazioak inguruan bizi diren herrietan, eta, kontrara, arbuioa eragiten dute. Pentsaera kolonial batetik baino ezin daiteke ulertu, agintea non dagoen eta noren interesen arabera erabakiko den adierazteko jarrera batetik.

HIZPIDEAK
Pentsaera koloniala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu