jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Prekarietate endemikoa

2014ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mariano Rajoy Espainiako presidenteak datu ekonomikoak erakutsi nahi ditu bere agintaldiari distira ateratzeko, datorren urteko hauteskundeak jomugan. Asko behar duenak nahikoa du gutxi pozik egoteko (edo itxura egiteko), eta uztaileko langabeziaren datuak garaikur izango ditu Espainiako Gobernuak, apalak izan arren. Egia baita langabezia jaitsi dela eta Gizarte Segurantzan afiliazioa igo dela, eta joera bat dela hori, baina krisitik ateratzeko hori baino gehiago beharko da.

Langabezia tasa %16 da oraindik. Azken hilean egin diren 100.000 kontratuetatik ia 95.000 aldi baterako dira, eta asko, laburrak. Ez du hori nabarmenduko Rajoyk, baina datu horien atzean ezkutatzen den errealitatea ondo asko jaso du Gaindegiak, herenegun egunkari honek azaldu zuen bezala. Horren arabera, Euskal Herrian kontratuen ia %20 dira aldi baterako; batez ere, Hegoaldearen eraginez. Lanaldi partziala dutenak %16 dira, eta horietatik soilik %9k dute lanaldi partziala beren borondatez; gainontzekoak halabeharrez ari dira hala. 2008an baino gazte gutxiago ari da lanean gaur egun, eta zenbat eta gazteago, orduan eta gutxiago.

Gizartea ez da krisitik aterako kontratuak gehituta soilik; are eta gutxiago, oinarri sendorik gabe langabezia jaitsita. Merkatuak bezala, egonkortasuna behar du langileak, eta neurriak hartu ezean, gaitz endemikoa bihur daiteke prekarietatea. Egonkortasunik gabe, ez dago atarramentu onik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.