mikel p ansa
HIZPIDEAK

Propaganda juridikoa

2015eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Gutxi behar izaten du Espainiako justiziak haren motibazioak agerian gelditzeko, eta ez dago bi gertaera bata bestearen ondoan jartzea bezalakorik halakoak argi ikusteko. 1) Espainiako Estatuak berak bere mendeko herritarren kontra genozidioa egin ote zuen ikertzeari uko egin dio Espainiako justiziak. 1936ko gerran indarrez desagerrarazi eta hildako pertsonen auziak Argentinan aurkitu behar izan du ikerketarako zirrikitu bat. Espainiak 1977ko amnistiaren legea erabiltzen du, etengabe, argudio gisa, delitu haiek preskribatu zirela ondorioztatzeko. 2) Aldiz, Dignidad y Justicia elkartearen eta Luis Portero Fundazioaren eskaerei erdi-ameto eginez, ETAk gizateriaren aurkako krimenak egin ote dituen ikertuko du Espainiako Auzitegi Nazionalak.

Berez, ETAk genozidioa egin zuelako ikertzea eskatu zuten elkarte horiek. Epaileak berak ere ez dira ausartu, ordea, bide hori hartzera. Genozidio delituaren definizioak zehazten du talde bat (talde nazional, etniko, arrazazko edo erlijiozko bat, adibidez) desagerrarazteko eta suntsitzeko asmoak egon behar duela hilketen eta krimenen atzean, genozidioa izan dadin. Gizateriaren aurkako delituaren definizioak ez du eskatzen talde bat suntsitzeko borondatea; bai, ordea, erasoak «orokorrak eta sistematikoak» izatea. Epaileek bide argiagoa ikusi dute definizio horretan, ETAk egindako hilketa batzuk horretara jarrita interpreta daitezkeelakoan.

Begien bistakoa da biktima elkarteen asmoa, auzi honekin: ETAren hilketak preskribatzea saihestea. Helburua erdizka galdu dute bidean, ordea. Epaileak, genozidio deliturik ikusi ez eta gizateriaren aurkako delituen bidea hartuta, 2004tik aurrerako gertaerak soilik epai ditzake, orduan sartu baitzuen delitu hori Espainiak Zigor Kodean. Zazpi hilketa epaituko dituzte, beraz. Eta horietatik, sei lehendik epaituak zituzten.

Hortaz, ikusteko dago auzitegien urrats honek zer ondorio utziko dituen aurrera begira, baina, oraingoz, titulu arranditsu batzuez aparte ez du aldaketa handirik eragin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.