Kontzientziak astintzen dituen urteurren horietako bat da Ruandako genozidioarena. Apirilaren 7an 25 urte beteko dira hasi zela. Hasi zutela. Ez da lehenengoa izan, ezta azkena ere. Baina 1994ko egun horietan gertatutakoak badu ezagutzen diren beste genozidio batzuen basakeriatik bereizten duen zerbait. Ehun egun izan ziren, eta hildakoak, 800.000 eta 1.000.000 artean. Hain denbora motzean hainbeste lagun gorrotoz nola hil litezkeen galdetzea saihetsezina da, asko aihotzez hil zituztela aintzat hartuta.
Bada dioenik aihotza izan dela gizakiaren historian suntsipen handiko armarik hilgarriena. Hala izan zen Ruandan, behinik behin. Ez gas hilgarriak, ez fusilatze sistematikoak, ezta uranio aberastua edo pobretua ere. Aihotz kolpez hildako ehunka lagunez betetako hobi komunak aurkitu zituzten gero. Beti gero. Eta aihotzak ez du itsu-itsuan hiltzen; gorroto kolpe bakoitzak gorputz bat du jomuga, zentimetro gutxitara, aurrez aurre. Homo homini lupus est.
Baina urteurren honetan ez zaie begiratu behar soilik aihotz horiei eusten dieten eskuei. Ruandako sarraskia kolonialismoak urteetan zorroztutako gorrotoaren ondorio izan zen; nazioarteko erakundeek finantzatu zuten aihotz, aizkora eta aizto salerosketa. Otso batzuek urrutitik hiltzen dute, ulurik egin gabe. Saihetsezina den galderaren erantzuna hori da. Urtemugan, lotsaizuna.
HIZPIDEAK
Ruandako zorrotzaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu