inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Salutregi libre

2015eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Gaur irtengo da espetxetik Javier Salutregi Egin egunkariko zuzendaria, zazpi urte eta erdiko zigor luzea amaituta. Gaur irtengo da kartzelatik Europa osoan arrazoi editorialengatik espetxean zegoen zuzendari bakarra.

«Zer uste zuten, ez ginela ausartuko?», galdetu zuen, harro, 1998ko uztailean, Jose Maria Aznar Espainiako presidenteak. Polizia andana batek Egin egunkaria eta irratia itxi berriak zituzten. Batzuek aho txikiarekin kritika egin zioten: ez al zen epaile bat, Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon hain zuzen, operazioa agindu zuena? Nola zen posible botereen arteko bereizketa horren modu narratsean urratu izana agerian uztea?

Harrokerian itsututa, eta Europak nahi erara jarduteko baimena emanda, lotsarik gabe aritu zen estatua, behar zuen guztietan arkitektura juridikoa eginez, zuzenbidezko demokrazia lurperatzen.

Egin bezala, itxi zuten Egunkaria ere, handik bost urtera, eta Barne ministroak euskaldunen eskubideen defentsan ari zirela gaztigatu zien euskal herritarrei. Torturatu zituzten euskarazko kazetako arduradunak, eta, Dena ETA da tesian oinarrituta, espetxera bidali zituzten Egin-ekoak, zigor luzeak betetzera. Tantaka ari dira ateratzen, bidegabekeria larrutik ordainduta. Gaur irtengo da Salutregi, eta gogoraraziko digu, memoria eta autokritika ariketak eskatzea ohiko bihurtu zaigun honetan, zeinen anormala den bizi dugun normaltasun demokratikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.