Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Txarrenari onena

2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Txarrenari onena atera diozu», dio Aurrera Altsasu abestiaren letrak. Une latzenetan ematen du bere onena jende askok, eta koronabirusaren krisian ere edonon aurkitu daitezke onena ematen ari diren herritarrak. Mediku, erizain eta osasungintzako langileak dira gehien nabarmentzen direnak, eta haiek dira ere, egunero, 20:00etan, Euskal Herriko balkoi eta leihoetatik txaloak jasotzen dituztenak.

Normaltasun ez-normal honi eusteko, halaber, milaka eta milaka lagun ari dira lanean, eta hainbat lanbideren benetako garrantzia aitortzeko balio izan du. Supermerkatuetako langileak, garbitzaileak, adinekoen zentroetan lanean ari direnak, garraiolariak... Horiek dira, orain, ezinbestekoak.

Indibidualismoa gailendu eta auzolana, elkartasuna eta adinekoenganako errespetua ahanzturan erortzen ari direla zirudien garaiotan, bestalde, herrietan boluntario andana ari da mugitzenegoera zaurgarrienean daudenei eta, bereziki, adinekoei laguntzeko.

Eta, maskarak falta diren honetan, 3D inprimagailuak dituztenak jarri dira orain halakoak ekoizten, eta euren lana musu truk eskaintzen. Maskarak etxean josteko deialdia ere egin zaie etxean josteko makina dutenei. Milaka herritar, txarrenari onena ateratzen; krisia amaitzen denean, horri eusteko modua topatzea erronka polita izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.