Urtarrileko presoen eskubideen aldeko manifestazioa, urtero berdina izanagatik, urtero da desberdina. Herritarrek urteak joan eta urteak etorri betetzen dituzten Bilboko kaleak, baina urtero momentuak egiten du desberdin manifestazioa. Iazkoa, esate baterako, ETAko presoen bitartekaritza taldearen kontrako polizia operazioaren ostean iritsi zen, eta Tantaz Tanta mugimenduaren deialdiaren debekuaren ondotik, egun gutxi batzuetan ilusio asko piztu zituzten gertakariak izan ziren Euskal Herrian. Aspaldiko partez, EAJ, ezker abertzalea eta beste hainbat eragile bata bestearen ondoan atera ziren kalera, bat eginik.
Aurtengoak, ordea, ez du piztuko iazkoak piztuen zuen esperantzarik. Urtarrilaren 12an ezker abertzalearen aurkako beste epaiketa bat hasiko da, Arantza Zuluetaren lagunek salatu dute gau eta egun bakartua dutela, eta Intza Oxandabaratzi hilaren 21erako jarri diote hitzordua Parisen. Hotz egiten du, eta konponbideaz baino gehiago oztopoez hitz egiten da. Horrek egingo du desberdin agian aurtengo manifestazioa. Aintzat hartu behar da, ordea, Urtezahar gaueko ekintzaileek Madrilen piztu zuten argia bezala, Oxandabaratzen inguruan, baina, ados jartzea lortu dutela hainbat alderditako hautetsiek, iaz Bilbon egin bezala, konponbidearen alde. Aurtengoa azkena ez bada, datorrenean beste manifestazio desberdin batean berdin manifestatzeko eskatzeko izan dadila behintzat, hurrengo urtean aurtengoa ez dadin errepikatu.

HIZPIDEAK
Urtero desberdin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu