HIZPIDEAK

«Zehaztasun osoz»

Koldo Aldabe.
2008ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Igor Portuk jasan dituen torturen testigantza ezagutu dugu. Eta ez ziren Intxaurrondon hasi, erreka zulo batean baizik. Duela 22 urte eta gehixeago beste erreka zulo batean amaitu zen dena, Mikel Zabalzaren gorpua atera zutenean. Oraingoan erreka zuloan hasi zen, lehentxeagoko kolpe saioak aurretik. Bainuontzi erraldoia Arrasatetik gertu. Intxaurrondon gero -non bestela?- Galindo joan bazen ere, hor baitirau munstroen habiak.

Atxiloketa ere «garbia» izan zela jakin genuen herenegun, eta atzo berretsi egin zen gertaera hori, Igor Porturen testigantzarekin.

Beste datu bat jakin dugu. Mattin Sarasolaren gorputz osoko kolpeak torturaren ondorio diren zantzu bat gehiago: erreka inguruetan Portuk tiro hotsa entzun zuen; exekuzio simulakro bat izan zitekeena, lekukotasunaren arabera.

Errekak Mikel Zabalza gogorarazten duen bezala, Barne ministro Rubalcabaren hitzek duela lau urteko martxoaren 11 haren ondoko Barne ministro Acebes ekartzen dute gogora, salbuespen batekin: orduan espainiar askok ez zioten sinetsi Acebesi. Oraingoan, sinetsi edo ez, bat egin dute Rubalcabaren tesiarekin, eta munduan ez dira galdetzen ari zer gertatzen ari den Espainian, tortura, izan ere, onartua baitago gobernuetan, George Bushek suntsipen handiko arma gisa indarrean jarri zuenetik.

Jaurlaritzaren gibelatzeak ere mesede egiten dio Barne ministroaren tesiari - «dena kontatu du, xehetasun osoz» eta «borondatez»-, tortura kontuetan goren mailako aditu Paco Etxeberriaren uste sendoetan oinarritu beharrean adibidez, tortura «iradoki» ere ez duela egin esan du orain Ibarretxek.

Errealitatea burugogorra baita, atxilotu bat hilik agertu da Espainiako ziega batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.