Apirilaren 14a: Espainiako Errepublikaren Eguna. Hiru koloreko bandera eskegi dute farol batean. Ederra, berria, dirdiratsua. Ondoan ikurrina dugu, txikiagoa. Tamainak bai, inporta dio. Ezin konparazioa saihestu: espainiarra da nagusia; ikurrina, mendekoa. Espainiako Erresumako autonomia erkidego bateko bandera Espainiako Errepublikako autonomia erkidego baten ikurra da. Hori diferentzia.
Zenbateraino dugu geure Espainiako Errepublikako bandera? Oraingoari baino begirune handiagoa izatea ez da zaila. Hortik aurrera? Sarri idealizatzen dugu errepublika hori, alegiazko Espainia konfederalak konponbidea ekarriko ligukeelakoan. Kontuz! Ez gaitezen independentista folklorikoak izan, espainiar errepublikano folklorikoen pare —Eibarrera joan eta bihotz espainiarreko sozialistei galdetu hori zer den—.
Maiatzaren 1a: Langileen Nazioarteko Eguna. Milioika lagun batu dira munduan zehar beren eskubideak aldarrikatzeko —eta etxean geratu direnena ere bai; ez dute zerrendarik pasatzen—. Gurean ere elkartu da jenderik. Ikurrinak ez du lekurik halako egun batean? Alde baterantz begiratu eta ezetz dirudi. Bandera gorriak. Besterik ez. Eta Palestinakoak. Euskal kapitalisten sinboloa da ikurrina?
Oso ondo dago Palestinako bandera erakustea genozidio sionista salatzeko. Alta, zergatik ez atera Kubakoa ere, komunista bazara? Ez dira bateragarriak? Ba al dago ezer internazionalistagorik komunismoa xede duen manifestazio batean Kubaren ikurra eroatea baino? Kubarekin ere elkartasuna adieraztea litzateke logikoena —elkartasun kritikoa, zorrotza, ez itsua—, baina... Kubako bandera zabaldu eta loser, pringao ager zaitezke. Galtzaile. Palestinakoagaz halakorik ez. Sanchezek atera dezake. Feijook ere bai, egun zoro batean. Kubakoa, ez. Zergatik?
Barkatu, lagunok, baina askoz errazagoa begitantzen zait Euskal Herria independentea izatea komunismoa Lur osoan ezartzea baino
Komunista eta ateo gehiago, askoz gehiago aurkituko ditugu Kuban Palestinan baino. Baina ez dezagun hango bandera jaso, badaezpada. Bataila kultural eta politikoa galduxea dugun honetan ia izurridun egiten zaitu Kubaren aldeko keinurik ñimiñoenak. Izan ere, denak balio du Kubaren aurka. Tregoarik ez. Asteleheneko itzalaldian zenbait kubatarren hitzak bildu zituzten hedabideek. «Nik badakit itzalaldiak zer diren». Hemen bizi diren afrikar, asiar eta hegoamerikar guztiek beti izan dituzte argia, ura eta doako hezkuntza eta osasun zerbitzuak herri txikienetan? Galdetu egingo diegu?
Egun bereziak izan ditugu azken asteotan: Espainiako Errepublikaren Eguna eta Maiatzaren Lehena. Eta Aberri Eguna erdian. Denbora laburra, baina nahikoa gure ezinikusiak azaleratzeko. Esate baterako: azkenaldian joera bat nabarmentzen ari da. Badira abertzaleak eta independentistak, bereziki abertzaleak eta independentistak ez direnak begiko dituztenak. Halaxe bideratzen dute ildo ofizialak hartutako bidearen kontrako amorrua —gauza batzuk ez doaz nahi genukeen moduan; egonezina ulergarria da—. Haiek ere komunistak direla esan nahi du aldaketa edo jokaera horrek? Den-denak komunistak? Bai, deskuidatzen bazara, Joan Paulo II.a zena bezain komunistak. Ni saskibaloi jokalari bezainbeste.
Nork bere ikuskera du, bistan dena, baina... Horretaz ari garela: zenbait lagunen ustez, independentziaren alde egiteak beste helburu guztiak baztertzea dakar. Hau erantzun dakieke: iraultza unibertsalaren zain egoteak sine die alboratzen du arazo nazionala konpontzea. Ez kezkatu: burujabetza lortu ostean ere irtengo gara kalera, bandera gorriak eskuan. Barkatu, lagunok, baina askoz errazagoa begitantzen zait Euskal Herria independentea izatea komunismoa Lur osoan ezartzea baino. Hau da: lehenago ikusiko ditugu Euskal Herri librea eta ikurrina eta Nafarroako bandera Iruñean, Espainian errepublika konfederala eta Zarzuela jauregian Lenin baino. AEBetan Marx presidentea eta Engels presidenteordea izan arte ere zain egon behar badugu burges txikien auzi nazionalari heltzeko —eta hala dirudi—, akabo fandango. Chao, pesca’o. Y a la vuelta, picadillo!