Edwin Benson hil da. Izenak ez dizu ezer esango, baina jakizu Dakotako tribu bateko mandan hizkuntzaren azken hiztuna zenuela Benson. Albisteak merezi luke oihartzunik, eta nekez horretarako abagune hoberik gaur Donostian egingo den Munduko Hizkuntzen Atlasaren egun-egungo egoeraren aurkezpena baino: «jaun-andreok, munduak entzun beza: Edwin Benson hil da; mandan hizkuntza isildu zaigu». Ordena horretan: azken hiztuna hil denean, hizkuntza bat isildu da. Enegarrena. Bihotzean zituen azti betikoen konjuruak, tribuaren memoria, jainko zaharren esanak: haiekin mintzatzen zen eta baita bere baitako bakardadearekin ere atzera bueltarik gabeko galeraz, etorkizunik gabeko iraganaz. Agur betiko Bensoni, bere nazio txikiko azken poetari.
Benson hil da, munduaren mundu batek atseden hartu du eguzkiak argitutako urkidi baten mugan. Nonbaiten irakurria dut Dakotako tribuetan pertsonak hil egiten direla; hizkuntzak, aldiz, isildu baino ez.

HITZ BESTE
Isildu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu