Isiltzea bada hautu ere. Izan publikoan, lagun artean edo bikotean, hitzik ez jostea aukera bat da, bai ez daukagulako ezer esatekorik, bai gustura gaudelako besterena entzuten, bai esango genukeenak giroa okertuko lukeelako. Ahal izanik hitzik ez egitea zuhurtzia erakusgarri izan liteke; hainbestekoa non beldurra ere eragin lezakeen inguruan. Horregatik dago isilik egoten jakitearen aldeko esaldiz beterik herri jakintza. Eta hala diogu isilik dagoenak ez dioela gezurrik eta isiltzen ez dakienak ez dakiela hitz egiten. Askotan, ez dago isilik egotea bezalakorik entzuna izateko. Tresna handia da, izan ere, isiltasuna: bakerako bezala erabil daiteke minik mingarriena eragiteko.
Isilarazten duenak, ordea, garbi du munduak hierarkizatua behar duela izan. Esklabotza bezain zaharra den jarrera politikoa da. Argi du badaudela hitz egiteko eskubidea dutenak eta badirela isilik egon behar dutenak baimena ematen zaien arte. San Pablorena da emakumeak, jende aurrean delarik, mutu egon behar duelakoa. Kultura gehienetan, ez du ahoa zabaltzeko eskubiderik izan gizonezkoak esan arte, eta hala da oraindik ere han-hemen. Isilarazteaz, esaldi sonatua izan zen «zergatik ez haiz isiltzen?» hura, 2007ko Txileko Goi Bilera Iberoamerikarrean. Kasualitatea, Espainiako erregea izan zen esaldia ondu zuena. Nola ez zuen esango, historia guztia badaramate horretantxe? Larderia gaitza da inori hitza ukatzea.
Azkenean argitu da Nico Williamsen etorkizuna. Titular handietan eman zaigu berria, Athleticek fitxatu duela 2035 arte. Artxiboko argazkian, atzamarra ezpain aurrean duela ageri da, harmaila aurrean lasterka, publikoari isilik egoteko agintzen.