andoni egana
Plazatik

Istorioak

2014ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gabrielen lekua sentikariaren barruan, partaide naizenez, saioaren une batean lan jakin bat egitea tokatzen zait. Rafa, Naia eta Ivanek Gabriel Arestiren poema batean oinarrituriko abesti bat jotzen dute. Zorrotzaurreko portuan lanean ari ziren Anton eta Gilleni buruzko hura. Amaitzearekin, nire txanda heltzen da. Eta hitz-lauz kontatzen diet ikus-entzuleei Anton eta Gillenena duela berrogeitaka urteko kontua dela eta ahalegina egingo dudala tankera bertsuko istorio bat gaur egunera ekartzen. Beste langile bat, ez derrigor gizonezkoa eta aukeran ia hobe emakumezkoa. Beste egoera bat, lantegian kokatu ordez lantegitik kanporatu dutenaren larrutik kontatua. Beste garai batzuk. Beste izen batzuk. Bestelako testuingurua…

Hogeitaka saio badaramatzagu, eta kokagune berean aldi oro istorio desberdina asmatzea lan handia dela pentsa daiteke, irudimena behar duela Anton eta Gillen berrituak sarri-sarri asmatzeko. Tamalez, ez zait hala gertatzen. Gaur egun istorio horiek asmatzea ez baita irudimen kontua. Aski da begi-belarriak erne samar ibiltzea, edozein toki eta unetan Lurdes izeneko Anton bat edo Unax deitzen den Gillen bat aurkitzeko.

Erraza da, errazegia akaso, hirurogei urtera iristear dagoen emakume alargunaren istorioa asmatzea. Hogeitaka urte eman ditu «super» bateko arrandegiko mostradore atzean. Arrain izoztuen garraio etengabeak hatzak izotz bihurtu dizkio. Eta egun ez da ezeri heltzeko gauza. Heldu nahi lioke ezintasun-parte bati, baina bostekoa luzatzen dion medikuak ez dio nonbait eskumuinetik aurrerako biderik irekitzen. Ez da zaila sareko bideak alferrik saiatu ondoren, oinetakoak urratu arte atez ate curriculumak banatzen ari den gaztearen istorioa kontatzea. Goi mailako karrera bat amaitu zuen, Zuzenbidea hain zuzen ere, baina curriculumetik propio kendu du azkenerako, kontratatu behar duten nagusiak ez daitezen mehatxatuak sentitu, ez dezaten beregan arriskurik aurreikus. Jendarteak abian jarri eta neurri handi batean ordaindutako hezkuntza sistema osoari egin dio uko tekla bakar bat kalkatzean. Aisa asma daiteke mende erdi bete berri duen gizonezkoaren istorioa ere. Koloretako telebista etxera baino lehen sartu zen lantoki hartara. Gauetik goizera itxi diote. Badaki nagusiak aitzakiatzat jarri duen kiebra ez dela egia. Bazutela aski lan. Baina irabaziak gutxitzen hasi diren unean nagusi jaunak nahiago izan du eskuak garbitu eta kontzientzia zikindu. Azken urteetako lege negargarriak medio, egokituko litzaiokeen ordainsariaren laurdenarekin itzuli behar izan du etxera. Egunez ez du pasieratxo bat emateko adorerik biltzen. Gauez, bildu ezin dituenak begiak dira. Askotan irten da balkoira goizaldera eta farolen argipean euri langarrez bustitako kaleari begira ematen ditu orduak, burutaziorik makurrenak uxatu ezinik. Demagun Nieves, Garazi eta Tomax direla egungo Anton eta Gillen hauek. Eta badira, beste ehunka, milaka, milioika istorio, asko asmatu beharrik ez daudenak.

Errealitateak ustekabeko zirrikituetatik egiten digu kuku, ordea. Tentazioa izan dudanik ez dut ukatuko, baina nire istorio kantatuetan ez dut sekula pistolarik jarri protagonista horien eskuetan. Amorrua matrailean behera irristaturiko malkoetan lehertu zaie; edo lokartze aldera eztarrian behera irentsitako orfidaletan; edo balkoitik behera amildu eta mina behingoz buka zedin asmo lanbrotsuan. Errealitatea, ordea, asmaziorik ankerrena baino krudelagoa da. Eta pistola hartu dute, itxura denez, nire pertsonaiek baino hartzeko premia gutxiago zutenek. Langiletasunak, mina jasateak, amorru arrazoizkoak… ez baitute nonbait bide hori zilegi. Aldiz, inbidiak, gora-nahiak, gehiagoren irrikak, huntzarena egiteak… edozertarako prestatzen eta gogortzen dute pertsona. Ni poztu egin nintzen Leongoak nire pertsonaietakoak ez zirela jakin nuen unean. Izan zitezkeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.