Itsasontzi baten
Euskal Herritik kanpora
naramate eta ez dakit nora
Irailaren 29an egunkarietako berria zen Pasaiako Beti Aingeru itsasontzian matxinada gertatu zela. Armadoreak zioen mehatxu egin ziotela marinelek. Hauek, aldiz, soilik uko egin ziotela lanean jarraitzeari, hogeita sei egun zeramatzatelako arrantzan etxerako buelta egin gabe eta patroiak zabor poltsa bota ziela. Alegia, San Migel aingeruaren egunean Beti Aingeru itsasontzian ez zen aingeru girorik izan. Senegaldarrak ziren langileak, eta euskaldunak armadorea eta patroia.
Kaxianoren kantak aldaerak onartzen ditu: Itsasontzi baten, Senegaletik kanpora…, esaterako. Iparragirrek ere kantatzen zuen: Urez noa ikustera, bai, mundu berria (…). Herrialde guztietan toki onak badira, baina bihotzak dio «zoaz Euskal Herrira». Senegaldar arrantzaleak ere toki onera etorri zirelakoan zeuden. Baina nonbait euren itxaropena ez zen bete.
Kontu hori azkar desagertu zen prentsatik, zabor poltsen kirats berbera zerion arren. Maiz gertatzen da berdintsu. Berri deigarria agertu eta berehala desagertu. Beste batzuk, aldiz, behin eta berriro errepikatzen dizkigute, informazio berririk ez izan arren. Iritzi publikoaren gidatze horrek, beste hainbat seinalerekin batera, erakusten du demokrazia famatuaren gainbehera nola eta nondik datorren.
Demokrazia izenak aldaerak ere baditu: Francoren demokrazia organikoa (zabor organikoa?), popularra, liberala… Mamian dago kakoa. Onerako baliagarri izan dadin, edozein antolamenduk ezaugarri hainbat behar ditu, ez soilik hiritar guztiek botoa eman ahal izatea: horien askatasuna eta ulermen maila ona, informazio txukuna… Baina hori ere azoka bihurtu da, merkatari ustelek gobernatzen dute informazioa zabaltzea edo murriztea, interes ez beti garbien arabera. Gezur ugari tartean.
Deuteronomio liburu sakratuak honela dio: «Ez zapaldu etorkina, ongi dakizue-eta zer den etorkin izatea, zeuek ere etorkin izan baitzarete Egipton». Kristau autoizendatutako askok ez omen dute aditu. Israeldar gehienen jarrerak ikusita, judu askok ere ez, haientzat ere liburu sakratua den arren.Â
Theodor Herzl kazetari austriarrak sortu zuen sionismoa, XIX. mendearen amaieran. Hainbeste mendetan juduak munduan zehar errari eta zigorturik (pogromak, bazterketa, deserriratzeak…) ibili ondoren, irtenbide bakarra ikusi zuen garaiko nazionalismoen bide beretik: haientzat estatu bat sortzea, Israel. XX. mendearen hasieran, Otomandar Inperioaren erorketa gertatu zenean eta Britania Handiak Palestinako lurraldearen kontrola hartu zuenean, eman ziren lehen pausoak, 1917.ean. Orduan Balfour Kanpo Harremanetarako idazkari britaniarrak berehala agertu zuen sionismoaren asmoak betetzeko gogoa. Handik gutxira sortutako Nazioen Ligak Mandatua eman zion Erresuma Batuari lurralde hura gobernatzeko eta bide horretatik jarraitu zuen. Alegia, arabiar gehiengoa eta kristau eta judu gutxi bizi zen lurraldean Israel estatua sortzea erabaki zuten. Hortik aurrera, Mendebaldeko juduen laguntza ekonomikoak eta estatuen interesak kanpotik eragindako juduen immigrazio neurtezina eragin zuten. Geroago Holokaustoak utzitako kontzientzia txarrak, arabiar estatuetako agintarien joko zikin interesatuek eta sionismoaren fanatismoak dena hankaz gora jarri zuten.Â
Urte asko daramatzate Israelgo etorkinek sekulako txikizioak egiten Palestinan eta mendebaldar eta arabiar estatuek ez ikusiarena egiten. Ia beste Holokausto bat behar izan da esna gintezen. Esnaera horretan itsasontzien karabanek lan ona egin dute, nabarmenago ikusarazteko hango ankerkeria eta neurrigabekeriak.
Bada itsasoaren sehaska kanta famatua: Itsasoa laño dago, Baionako barraraino. Askok uste dute itsaso lainotuaren aipamena egiten duela, triste, ez delako ezer ikusten. Baina laño hori planum latinezko hitzetik dator eta, itsaso lau bareari kantatzen dio, umeari lasaitasuna ematen. Zoritxarrez, gure artean askok lainotuta ikusten dute dena. Zenbat pertsona etorkinak gorrotatzen, ultraeskuineko mugimenduei botoa emateko prest. Gorrotoa aise saltzen da demokrazia azoka honetan.
Kaxiano, Antzuolan jaio arren, Lizartzara joan zen etorkin, maitasunarengatik. Horregatik, Lizartzako itsua esaten zioten. Bista zorrotz usteko askok baino hobeto ikusten zituen munduaren erraiak. Herri meza baterako kantuak ere jarri zituen: Maitasuna, pakearekin batera, eskeintzeko nator eskua ematera. Horrelako itsu bakarra ikusmen argiko mila gorrotari baino hobe.