Anjel Lertxundi.
Hitz beste

Jakituria errege

2014ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Lagunari ez zaio Olentzero gustatzen, tradiziorik gabea omen da, atzo goizean asmatutako kopla nazionalista bat. Gustatu, lagunari erregeak gustatzen zaizkio. Beti-betikoak. Maiz saiatu natzaio, baina ez dit entzun nahi Mateorena dela urrutitik etorritako bisitariak aipatzen duen Ebanjelio bakarra; testuan ageri direnak ez direla erregeak, jakintsuak baizik; eta, gainera, ez direla hiru, «batzuk» baino. Ez du entzun nahi erregeen ohitura Errenazimendu-atarian gauzatu zela, gaurko Estatuak osatzen hasi zirenean.

Tradizio anglosaxoian ere bisitariak jakintsuak dira (three wise men), erregeak baino maizago, baina alferrik esango nioke hori ere. Alferrik esango nioke tentagarriagoak zaizkidala jakituriaren urrea, jakin-minaren intsentsu-usaina eta jakituriaren erretxin-etekin mirrazkoa, hiru erregeen botere guztia baino…

Lagunak, ez dizuet esan, berrogei urte daramatza Gasparrena egiten herriko kabalgatan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA