8. argazkia: Maria Arnalen kantuak jarrita iritsi gara Teideko parke nazionalera. A da txoferra; maparen eta kantuen ardura, beraz, neurea. Sandaliak mendiko oinetakoekin
ordezkatu eta segituan iltzatu ditugu begiak harri bolkanikoetan. Han pasatu dugu goiza: bidexketan alderrai, inoiz ikusi dudan zeru urdinenaren azpian.
9. argazkia: Begirada leihotik harago luzatu eta «Ikusi duzu nor dagoen igerilekuan?» esan dit A-k bazkaltzera eseri garen momentuan. Bart karaokean kantatu eta grazia handia egin zigun bati buruz ari da. Oporraldia eguzkia hartzeko eta mozkortzeko baliatzen ari den tipa ingeles bat. Atzoko eszena ikusita, orduotan ohean egongo zelakoan geunden, baina hortxe dago: tunbona batean, muturra kartoizko lastotxo bati lotuta. «Zer idatziko leuke berak BERRIArako?», galdetu diot.
10. argazkia: Hondartza eder bat ikusteko hartu dugu kotxea. Bugainbilea ezin ederrago baten ondoan aparkatu dugu. «Ikusi dozu zelako politte dan? Itxoin, e! Fotorrafixa bat atarakotzat», esan dut. Kotxea topatu ezinda ibili gara gero apur batean. Eskerrak bugainbileari.