Zu hor zabiltza, zeure miseria eta zorion apurrak agerian dituzula, zeure buruari ezkutatzen diozuna beste ondasunik gabe, eta bitartean, giza baliabideak sailekoak zure gauzak ikustera sartzen dira, eta esaten dute ez, hau ez, burua soiltzen hasia du honek, honek ez du ikasiko gehiago, zaharregia da. Eta gizena dago, seguru bihotzeko arazoak dituela, medikura bueltaka ibili beharko du seguruena, lanordu asko galduko du. Itsusia da gainera, ez zaigu komeni, ez dugu nahi.
Akordatzen? Laneko elkarrizketetan hartutako apunteak zaborretan agertu ziren duela urte batzuk. Gizena, depresiboa, zanpana, geldoa, eta gisako loreak ziren lanpostura aurkeztutakoak baztertzeko erabili ziren irizpideetako batzuk. Ezkutuan eta isilean behar zuenak azalera egin zuen.
Albisteekin ere gertatzen da inoiz. Ezkutuan eta isilean behar zuenak azalera egiten du, eta jendeak badu haren berri izateko aukera. Egunen zurrunbiloak berehala irentsi du ordea. Eta zuri halakoxe kontu hutsalak geratzen zaizkizu gogoan iltzatuta, barrua usteltzen: Espainiako Kongresuak, PSOE, PP, CiU eta PNVren botoekin, atzera bota du ICVren proposamena, eta ez da publiko egingo Ogasunari iruzur egin dioten 659 aberatsen zerrenda.
Jira
659
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu