Donostiako Alde Zaharrean baino garestiago daude kafeak Loiun. Uste nuen baino antzekoagoak dira gentrifikazio zaporea eta aireportu zaporea. Santiago de Compostelarako hegazkinaren zain nago. Beti gorrotatu izan dut halako ez-lekuetan ordenagailuaren aurrean lanean aritzen den jendea, baina tira. Denok izan gara noizbait gorroto dugun hori.
Galeusca topaketa da asteburuan. Galiziako, Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko idazleen elkarteak batzartzeko aitzakia. Kulturgintzaren erronka handiez arituko gara: adimen artifizialaz eta ahozko literaturaz, besteak beste. Eta hori egitea interesgarria iruditzen zaidan arren, hiru elkarteen arteko elkarlanaren etorkizunaz pentsatzeko baliatu nahiko nuke egonaldia.
Esango dudanak ez du inor harrituko, baina literaturaz ari bagara, harreman diplomatikoak mantentzea baino interesgarriagoa iruditzen zait elkar irakurtzea, adibidez.
Berandu da. Kafe hondarrak edalontzian utzi eta banoa korrika. Ordubete barru iritsiko garela esan dit aldamenekoak. «Halako hegaldiak debekatuta egon beharko lirateke», esan diot. Denok izan gara noizbait gorroto dugun hori.