Beste ezerk baino poz handiagoa ematen dit zeru urdinak. Alarmarik gabe esnatu, etxeko atetik irten, tulipei kasu egin eta txorien kantuak entzuten egon naiz oinutsik; esku ahurrak eguzkiari eskaintzen. Poztasunak guztiz inbaditzea beharko banu bezala. Atzo Donostian paseoan nenbilela «Extra del día del padre»-ka hasi zen loteria saltzailearekin akordatu naiz bizilagunaren motosega entzun dudanean. Kale osoarentzako zebilen arren, niri oihukatzen zidala iruditu zitzaidan, eta malko inozo batek egin zidan ihes eguzkitako betaurrekoen azpitik. Tristura beti da egozentrikoa. Bizilagunak etxe aurreko bitxiloreak eta txikori belarrak ni izorratzeko desagerrarazi dituela iruditu zait gaur, ez dut malkorik isuri, ordea.
Agenda guztiz hustu eta neure buruari triste egoten uzten diodan urteko egun gutxietako bat da gaurkoa. Aitaren eguna. Aita bizi zela ez nuen sekula ospatu. Txorakeria kapitalista bat zela esaten zuen berak ere. Baina zirrikitu txikiena ere aski zaio tristurari; komeni zaionean agertzen da. Eskerrak zeru urdinari.